Euskal Herria Europako herrialdea da. Historikoki euskaldunen eta euskararen lurraldea da, Pirinio mendien mendebaldean kokatua, Frantzia eta Espainiaren arteko muga egiten duen mendilerroan, eta Bizkaiko golkorantz zabaltzen dena.
Euskal Herriak 20.664 km²-ko azalera du, eta gutxi gorabehera 3.007.661 bizilagun: 2.500.000 Hegoaldean (Araba, Bizkaia, Gipuzkoa eta Nafarroa Garaia) eta 500.000 Iparraldean (Lapurdi,Nafarroa Beherea eta Zuberoa).
EUSKAL HERRIKO HISTORIA:
Euskal Herriko historia Europako herri zaharrenetariko baten historia da. Paleolitotik hasita, hainbat herriren influentzia jaso du herriak, zeltak, erromatarrak, frankoak, bisigotoak, musulmanak, gaztelarrak, ingelesak. Gaur egun Espainia eta Frantziaren artean kokatuta dago eta bi herri horien historiaren pasarteak jasan ditu. Bitarte horretan euskararen inguruan batzen den herrian Nafarroako Erresuma bezalako egitura politikoak egon ziren eta hainbat gerra, horietako asko inguruko estatuen eta euskaldunen konpetentzia gatazkek sortuak.
Herri nekazari eta abeltzain bat izatetik Europar Batasunaren barruan dagoen eskualde industrializatu eta aberatsa izatera igaro da, baina horretarako bere antzinako egiturak eta antolaketak guztiz eraldatu behar izan ditu.
Jada antzinaroan hainbat aztarna aurkitu dira Euskal Herrian. Luca Cavalli-Sforzaren arabera euskaldunak omen dira Paleolitotik geratzen diren europar herri bakarra, genetika eta linguistika ikerketen arabera. Garrantzi berezia du horretan Euskal-Akitaniar lurraldean labar-artea oparoak. Neolitoan abeltzantza eta nekazaritza agertu ziren eta horrekin batera, hainbat monumentu megalitiko eraiki.
Antzinako Erromak I. mendean konkistatu zuen Euskal Herria eta lehen hiri eta errepide handiak ireki. Urte haietan jada, Novempopulania eta Tarraconensis probintzietan banatu ziren euskal lurraldeak.
Erromatar inperioaren gainbeheran, euskaldunek bat egiten zuten bisigodoekin eta bagaudak antolatu. Godo eta frankoek ez zituzten guztiz garaitu, behin eta berriz saiatu arren. VIII. mendean musulmanak iritsi ziren eta Kordobako Kalifatoaren esku utzi zuten Euskal Herriko hegoaldeko zati batzuk. Garaiko baskoi buruzagiek harreman ona izan zuten eurekin eta batez ere Banu Qasi familiarekin. Eneko Aritza ere haien senide izan zen.
Nafarroako Erresuma izan zen Euskal Herria Pirineoen bi aldeak elkartzeko gai izan zen entitate politiko bakarra. Erresuma Antso III.a Nagusiaren erregealdian iritsi zen hedadurarik handienera. Lurralde euskaldunak biltzen zituen, beste hainbat lurralderekin batera, baina erregea hil ostean banatu egin zen. 1511. Gaztelako koroak Nafarroa Garaia konkistatu zuen. Altxamenduak egon baziren ere (Noaineko guda, Amaiurko guda), Gaztela garaile atera zen, baina Nafarroa Behereak independente segitu zuen, eta geroago Frantziako koroan sartu zen. Antso III.a.ren garaiaz geroztik, ez da zazpi lurraldeak batera gobernatu dituen gobernurik izan.
XVI. mendetik aurrera konstanteak izan ziren Foruen defentsan eginiko borrokak. Horietatik garrantzitsuenak karlistadak edo zamakolada eta gamazada altxamenduak izan ziren. Dena den, haien atzean ez zegoen independentzia aldarrikapena bakarrik, baizik eta motibazio erlijiosoak eta monarkikoak batzen ziren Foruen defentsarekin. Antzinako ekonomia sistema babesteko hainbat matxinada ere izan ziren Euskal Herrian. 1798an Frantziar Iraultzak eragin erabatekoa izan zuen Ipar Euskal Herrian, haren asimilazio politikoa ekarri baitzuen.
Euskal abertzaletasuna XX. mendearen hasieran hasi zen, euskal nazioa lortu nahian. Euskal nortasun kolektiboa eratzeko sortutako literatura legendarioan oinarritutako historiaren berrinterpretazioa egin zuten lehen abertzaleek, ideia nagusi bat sortzeko asmoarekin: antzinan Euskal Herria independientea izan zela eta euskal estatu horren independentzia Espainiaren inbasioen ondorioz galdu zela. XX. mendea aurreratu ahala eta batez ere 1980ko hamarkadatik aurrera, ideia horien guzti horien berrikuntza egon zen, inoiz egon den euskal estatuaren pareko Nafarroako Erreinua aldarrikatuz.
1980ko hamarkadan, Espainiak autonomia ezarri zuen berriro ere, eta, horren ondorioz, Euskal Autonomia Erkidegoa (EAE) sortu zen, II. Errepublikan gertatutakoaren antzera. Euskal abertzaleen nahien aurka, Nafarroa Hegoaldeko beste hiru lurraldeetatik bereizita dago oraindik ere. Horrez gain, bi erkidegootako administrazioen arteko laguntasuna ez da handia eta haien arteko desberdintasun politikoa nabaria da: EAEn abertzaleen botoen baturak gehiengo absolutua hartzen du; Nafarroan, aldiz, gehiengoa PSOEk eta UPNk alderdi ez abertzaleek dute.
XX. mendean Euskal Herriak bi mundu gerra eta gerra zibil bat jasan ditu eta euren eragina handia izan da politika eta jendarte mugimenduetan.
HIZKUNTZA:
Euskal Herrian euskara, gaztelania, frantsesa eta gaskoiera mintzatzen dira.
Gaztelania eta frantsesa nagusi dira, lehena Hegoaldean eta bigarrena Iparraldean. Hala ere, gutxi gorabehera biztanleen herenak egiten du euskaraz. Gaskoia, aldiz, Baiona inguruan (BAB) eta Nafarroa Behereko iparraldeko ingurune batzuetan hitz egiten da, baina oso ahul dago.
Euskararen ofizialtasun maila ezberdina da hiru lurraldeen arabera: EAEn, koofiziala da hiru probintzietan; Nafarroan, koofiziala "eremu euskaldun" delakoan bakarrik, erdi ofiziala "eremu mistoan" eta ez ofiziala "eremu erdaldunean"; Ipar Euskal Herrian, ez dauka ofizialtasun estatusik.

No hay comentarios:
Publicar un comentario